Translate

Atsegin duzue blog hau?

jueves, 9 de mayo de 2013

ALABA ETA ALABAORDEA


Gizon bat, alaba bakar gaztetxo baten aita zela, alargun utzi zuen bere emazteak. Etxea ondo ezin gobernatu eta, soineko beltzak kentzeko ordua heldu orduko, bigarrenez ezkontzeko asmoa izan zuen. Bigarren emaztetzat bere aurrean lehenengo agertu zen emakumea hartu zuen. Sorgina zen berau. Laster, sorgin honengandik beste alaba bat izan zuen.  Bigarren hau ume izatetik gazte izatera heldu zenean hil zen aita. Sorgina ordutik aurrera alaba eta alabaordearekin bizi izan zen. Bere alaba asko maite zuen baina alabaordeari gorroto eta ezin ikusia zion. Ezin zuen eraman bere erraietako alaba itsusia zela, ezin itsusiagoa, eta bestea ederra, gero eta ederragoa zela. Behin, negu gorrian, paperezko soinekoz jantzia eta oinutsik marrubitara bidali zuen hau, saskia betea ekartzeko esanda. Hotzaren hotzaz dardarka joan zen neskato errukarria  eta txabola batean hiru gizon aurkitu zituen.
- Nora hoa neskato?- galdetu zioten.
- Amak marrubitara bidali nau.
- Mailukitara! dagoen hotzaz eta daraman jantziaz! Zelako ama den hori!
- Amaordea dut.
- Hola bai. Hor dagoen txabola atzeko egurpean aurkituko ditun marrubiak, sakia betetzeko lain gutxienez.
Saskia marrubiz bete zuenean gizonengana joan zen eskerrak ematera. Hauek maitekiro hartu eta hiru opari egin zizkioten.
Batek:
- Esango donan hitz bakoitzeko urre zati bat jausiko al den!
Besteak:
- Egunetik egunera ederragoa izango al haiz!
Hirugarrenak:
- Hildakoan aingeruak zeruan sartuko al haue!
Etxera heldu zenean, sakia bete marrubiz, lehen baino ederragoa, eta urrea zeriola, horrela galdetu zion:
- Non izan zera neskato?
- Gaintxo horren beste aldeko txabola batean izan naiz.
- Inor ikusi duzu bertan?
- Hiru gizon. Eurak erakutsi didate marrubi lekua.
Hau entzunda, bere alaba soineko eder lodiz jantzita saki berdinarekin bidali zuen, eta alabaordeari esan zion:
- Neskato lagundu iezaiozu honi txabola ikusten den gaintxo horretara, eta gero, itzuli zaitez bakarrik.
Sorginaren alaba txabolara iritsi zenean honela esan zien:
- Ni ere amak bidali nau marrubi bila.
- Marrubitara! Saski bat ez al duzue nahikoa?
Ez zioten marrubi lekurik erakutsi, baina honi ere hiru opari egin zizkioten.
Batek:
- Egiten duan hitz bakoitzeko zapo bat jausiko al zain!
Besteak:
- Egunetik egunera itsusiagoa izango al haiz!
Hirugarrenak:
- Hildakoan Txerrenek eta bere lagunek eramango al haue!
Etxera heldu zenean saskia hutsik, lehen baino itsusiagoa eta ahotik zapoak zeriola, lehen baino gorroto handiagoa hartu zion alabaordeari. Hurrengo egunean ibaia izoztua zegoen. Hori nahi zuen sorginak. Alabaordea artile mataza batzuk hartuta ibaian jotzera bidali zuen alabaordea; aurreko egunean legez, ortotsik eta erdi bilutsik. Ibai ondora iritsi zenean eskuak hotzaz gogortuta, matazak indarrik gabe jotzen ari zela, zaldun batek hain eder eta hain jantzi zarpailduz jantzia ikusirik, errukiak hartuta beregana joan eta honela esan zion:
- Zertan zabiltza hemen neskato?
- Amak harizko mataza hauek garbitzera bidali nau.
- Dagoen hotzaz eta daraman jantziaz! Zelako ama dun hori!
- Amaordea dut.
- Hola bai. hator neure etxera. Neure amak alabatzat hartuko hau betiko.
Zaldun hori errege  zen eta bere emaztea izatera eraman zuen neskatoa. Erregeren amak bere alaba bezala maite zuen erraina. hau lehenengo haurra izateko zegoela, beronen amaordea sorgina, honen berri jakinda, alabarekin batera bertara joan zen bizitzera. Ez dakigu nola lortu zuen sorginak jauregian sartu eta erregina gaztaren emagina izatea. erregea eta bere ama lorategian eguzkia hartzen ari ziren bitartean, sorgina, bere alaba zatarra lagun zuela, ama berri zoriontsuaren gelan sartu zen. hau ohetik kendu eta bere ordez izara artean alaba  zatar zapoduna sartu zuen.
erregea gela sartu eta bere emazte ederra emakume itsusi bihurtuta ikusita, zer egin ez zekiela zegoen. Sorginak alabaordea errekara bota zuen. orduan txori bat txioka hasi zen:
         Txin txau txoria
         txoritxu txilibitaria
         astoan artoa
         upelean ederkaria
         zalduna doa zoroa
         moro bezala daroa.
Horrela igarri zuen non zegoen benetako erregina. Sorgina labean erre zuen eta alaba zatarra itsasoan ito.

jueves, 2 de mayo de 2013

ATRAMINGO LAMIAK


Behinola, Atrarnin errotako (Zeanuri) janbeak, egunez basoan idea ebakitzen jardun eta gero iluntzean etxeratu zenean, bere andrea sutondoan negarrez topatu eban. Gizona, andrea negarrez ikustean, ikaratu egin zen eta, atsekabe haren aztarna jakin guran:
—Zer pasatzen da? Zegaitik honek negarrok? — itandu eutson.
Eta gizonaren itaunari andreak ez eutsan ezer erantzun: negar eta negar eginez bere arlo ixilean aurrera jarrita baina. Ordnan, gizonak, haserre antzera, bene-benetan esan eutson:
—Nahi bata nahi bestea dela, zer pasatzen zaizun oraintxe bertan esan behar deustazu!
—Hona, bada — erantzun eutson andreak: zuretzat afaritarako eduki dudan esnea, neska batek laratzatik galdara  hartuta, dangada baten edan deust.
—Ba! Hori baino ez bada ... ! Eta gauza horri horrenbeste negar ... !
-Bai, baina ... iluntze guztietan etorriko dela esan deust; eta esnea laratzaren ondoan edukitzen ez badut, beragaz eroango nauela. . . !
—Nora, gero, eroan! Geu ez gaude, ba, hementxe? Eta neska hori, zein modutakoa izan da, ba? 
—Larrosa bezalako aurpegiagaz, eder-ederra izan da. Eta nor ote dan itaundu deutsadanean, erreka ertzeko lora ederra dela esan dost. Oi, haren ahotsaren eztia, haren kanta ederrak!
—Egingo nuke apustua Lamina demonioren bat izan dela! Egun guzti-guztietan esnea edatera etorriko dela esan badeatsu, laminaren bat izan da, hurrean: larninak, gizonak ardotara legez, esnetara itsuak izaten dira—Bihar berriz, neure begiakaz ikusi gura dudanez, basotik goizago etxeratuko naiz; eta, beragaz berriketaldi bat eginez, nor den eta nor ez den laster igarriko dut.
Esan eta egin, biharamun iluntzean Atramingo etxeko jauna goizago etxeratu zen; eta neskatxa ezezagana sutondoan bere andreagaz berriketan zegoela ikasi zuen. Neskatxa, baina, gizona ikustean ikaratuta, ixildu egin zen. Eta gizanak berba eta berba egiten eutsan arren, ez eutson ezer erantzuten.
Orduan, senarrak emazteari esnea egosten ipini zezala esan eutson; eta emazteak berehala laratzan galdara handi hat esneagaz beteta ipini eban.
Eta esneak gora egin ebanean, neskak, pozez beterik, zoratuta legez, deiadar handi bat eginez:
—Txuri gora!, txuria gora! —esan eban.
Etxandereak, hori entzunda, neskari nahi adina esne eman eutson; eta neska, nahi adina esne edanda gero, isilunea itxita, berriketan eta kantatzen hasi zen.
Atraminga etxeko jaunak, neskak esneagaz egindako betekada egin zuela igarri eatsanean, bere artean "zertzeladak oraintxe atarako zizkioat" esanda, neskari berbetan ekin eta ekin eutsan. Eta inon diran berriketak eginda gero:
Nor zinen? galdetu eatsan.
—Hemendik urrin barik dagoen koba eder bateko lamina naiz ni —erantzun eutsan neskatxak- eta gure bizitokirik kutunena, hor goiko erreka ertzean daukagu,
—Zenbat zerate?
—Mila eta bat.
Eta, zer egiten duzue?
—Egunez meridian lorak batu, eta gauez zerruko izarrak zenbatu, eta haizearen soinuetan dantzan egin. ..
—Sekulako bizitza daroazue, arranotan! Noiztik zaudete munduan?
—Egazkia agertu zanetik, lurraren gainean gaude; eta itargiak eta izarrak goian apaintzen duten artean, hemen izanga gara.
Azkeneko berba horiek entzutean gizona ikaratu egin zen; eta bere golkorako hauxe esan zuen: "Eurak ondoan ditugula bizi behar badugu beti, onak gaude. Gure arbaso zintzoek ere, eurak zirela bide, inon diren atsakabeak igarotzen zituzten; eta geuk ere berdin. Eta ... Lamina hauen bizitzak mundua mundu den artean irauten badu, gure ondorengo guztiekere inon direnak igaro beharko dituzte. Hau zoritzarra!"
Zeozer pentsatzen jardun eta gero, hauxe itaun eutson lamiari:
Zuen bizia amaitu leukenik, badago ala ez da?
—Bai, zeozer badago. . . ; baina inortxokere ez daki, geuk baino.
—Esaidazu, ba, zer den: nigandik kalterik ez duzue izungo eta. Gainera,
esneu egun guztietan emanga deutsugu.
Esne-kontuagaz lamia pozez beterik jarri zen. Eta buruan zuen ile adats eder eta gorriskari eskuagaz goratuta:
Eta ile adats miragarri horiek, zelan ebaki liteke, ba? 
—Hona, badu —erantzun eotson lamiak-: gure ilem gorriska ederra ebakitzeko, San Juan bezperan jaioriko zekor nabar biren indarrez baliatuz, itargi beteko gau batean, hogei iltze burdinezko goldeagaz erreka hori gau   osoan goldetu behar da. Eta erreka ondo goldetuta, egun sentiak bazterrak argitu  baino lehen, zekor nabar biak mendi tontorreko haizeetan solte utzi behar dira. Horretan dago, ba, gure amaiera.
Geroko egun batean, Altamingo errotako gizonak, ibili eta ibili, San Juan aurregunean jaioriko zekor nabar bi aurkitu zituen. Eta lamiak esan eutsonez, goiko erreka, itargi beteko gau batean, burdinezgo goldeagaz batera eta bestera ondo goldetu zuen. Etaegun sentia baino lehen, burdinezko goldearen hortzek ikusgarrizko ile adats piloa atera zituzten. Guztira mila eta bat ile zenbatu zituen.
Eta Altamingo lamia guztien azken eguna hartan izango zelako, errotako sendian aurrerantzean bakean eta zoriontsu bizi izan omen zen.

MARI URRIKA ETA ARTZAINA


Behin, «Aldrabasketa»ko artzain zaharrari, Anbotoko Mari Urrikak ilinti (ikatz) biztua eskaini eutsan. Artzain zahar hark, baina, emakume aparta hark eskaini eutsan bezuza (erregalua) inola ere ez zuen hartu nahi izan.
Orduan, Mari Urrikak, bezuza ez hartzearen zergatia jakin gurarik, artzain zaharrari hauxe itaun eutsan:
— Ilinti polit hau, ¿zergatik ez duzu hartu nahi?
Ilinti polit hori? Bestelako gauza! —erantzun eutsan artzainak—. Hamaikatxo horrelako badago gure supazterrean... Ez, ilinti hori ez daroat inora...
Oker zaude, artzain: honelakorik ez dago zure etxean. Hartu eta eroan egizu, ba, eta zeure etxean ikusiko duzu ondo, hau den gauza ederra. Ilinti berezia da... Tira, eroan egizu...
Esanen-esanez eta ekinen-ekinez, halako batean, artzain zaharrak hartu zuen ilintia. Eta gure gizona, ilintia eskuratzeaz batera, mendian zehar eta basoan behera etxerantz abiatu zen. Etxeratu zenean, bere emazteari arnas-hoska esan eutsan:
Hona hemen Mari Urrika-k eginiko bezuza...
Hori bezuza! A lelotzarra! —esan eutsan irriz emazteak—. Ilintia da eta! Oraindino holakorik! Ezkaratzeko (sukalde) supazterrean hamaika holako badago...
Holakoa ez dela esan deust berak, baina... Gauza berezi bat dela eta, hartzeko eta hartzeko esanez, nahi eta nahi ez hartu arazi deust.
Mari Urrikaren maltzurkeriak... —erantzun eutsan emazteak.
Maltzurkeria edo zera... ez dakit nik zer izan daiteken ere —esan zuen arduraz gizonak—. Ea, ba, eutsi ilinti hau, eta zelakoa dan zeure eskuz eta begiz ikusi.
Eta beste barik, ilinti aparta hura, gizonaren esku gogorretatik emakumearen esku bigunetara igaro zen. Eta, zer izan zen orduan! Ilinti bakanak, emakumearen eskuetara eldu zenean, urre-diruak parrastaka jaurti zuen ezkaratzaren erdi-erdira. Halako dirutzarik!
Hura ikustean, emaztea, pozaren-pozez zoro bat eginda, «hau zoriona, hau zoriona!» esanez, arterik hartu ezinda, deiadarka eta zarataka hasi zen.
Ilinti miragarri hau dela eta, zoriontsu gara, gizon! —inoan pozarren—. Dena dirua eta dena urrea! Holako aberastasunik eta holako zorionik! Horain, baina, ene gizon, gure zoriona handiagotzeko, bihar goizean Anbotora joanda, Mari Urrikari honelako beste ilinti bat eskatu behar diozu... Orduantxe bai izango garela benetako aberats eta zoriontsu...!
¿Nahikoa zoriontsu ez gara, ba? —erantzun eutsan gizonak—. Lehenari begiratu ezkero, aberastasunik asko daukagu bai, arranotan! Zetako diru gehiago?
Ez, ez eta ez... Ez dugu nahikoa... —esan zuen andreak negarrez—. Oraindino askozaz aberatsagoak izan gaitezke eta... Zoaz bihar Anbotora; zoaz andrearen esana egitearren, eta Mari Urrikari ilinti bat eskatu egiozu. Eta berak ezer itauntzen badizu, emaztearen esana egitearren joan zarela esango diozu...
Gehiago barik, Aldrabasketa-ko artzaina, emaztearen esana egite arren, biharamun goizean Anbotora joan zen; eta bertako txuntxurrean Mari Urrikari beste ilinti bat eskatu eutsan.
Anbotoko andereari, artzainaren eskabideak barre eragin eutsan; eta andere bakan hark, irri-barreka eta txantxetan-benetan, artzain zaharrari hauxe esan eutsan:
Zer, artzain? Lehengo eguneko ilintia nekez baten hartu... eta orain zeu zatoz beste baten eske? Zer dela eta?
Entzun, ba, Mari: atzoko ilintia atsegin ere atsegin izan dudala eta, emazteak lehengoa lako beste baten bila bidali nau... Beraz, andrearen esana egite arren etorri naiz.
¿Eta andrearen esana egitearren etorri zara? A, gizon oiloa! —esan eutsan Mari Urrikak begirakune zorrotzez—. Andrearen esanak egiten badiharduzu, ez diharduzu txarto ere, zeure andrearen handigurakeriak galduko zaitu eta.
Eta Mari Urrikak, esanak esan eginda gero ere, artzain zaharrari ilinti handi bat eskuratu eutsan; eta artzaina, bestea lako ilintia izango zelakoan, mendian-behera ezti-bitsetan joan zen.
Bitartean, Mari Urrikak ahots itzalez hauxe abestu zuen:

Andrea etxean agintari,
gizona etorri mandatari;
izarrak goian ager orduko,
damutuko yako berari.

Aldrabasketako artzainak, ilinti hura ere, aurreragokoa lez, emaztearen eskuan ipini zuen, urre-diruak parrastaka irtengo zirelakotan.
Baina orduan jazo zen jazo zena! Ilintiak ukitzeaz batera, emakumearen eskuak zapoz eta sugez bete-bete egin ziren: ilintiaren barrutik irteniko zapo-suge iguingarriak ziren. Aldrabasketa basetxeko bazterrak ere, pizti beldurgarriz bete ziren.
Halako zoritxarra ikusita, senar-emazte gaixoak negar baten hasi ziren; eta beldur-ikaraz egin zituen hurrengo egunak ere.
Azkenez, erriko abadeari dei egitea erabaki zuen. Eta abadeak, etxeko bazterrak ur bedeinkatuaz bustita gero, pizti guztiak jaurti zituen.

LAMIA KOLPATUA


Larrun mendiaren oinetan bizi ziren lamina batzuek erasotzen zien auzoetako anitz etxeri. Arrats batean joan ziren tximinia baten kaskora, eta handik behera begira jarri. Bazirudien sukaldean ez zegoela emaztea beste inor, eta jaitsi egin ziren; bertan topatu zuten etxekoandrea zizeilu batean jarria, iruten ari zelarik. 
Bozkariotu egin ziren aukera beren zutelako, zeren nagusia ohean baitzegoen apur handi hartan. Zernahi ausardia eta ozarkeria egin zioten emazteari. Andre hura ere ez zenez gero oso eskuzabala, ez zien deus eman lamina eskale txar haiei. Baina hala eta guztiz ere, zartaginetan zeuden gurin hondar guztiak milikatu zizkioten, gurina biziki maite baitzuten. Handik beren zuloetara joan zirenean, emazte hark gau berean salatu zion dena bere senarrari. Zer egin ote zuen senarrak? Biharamunean arratsa etorri zenean, emaztearen soin zahar bat jantzi zuen, eta sudur-zapi ilun bat jarri buruan; kiloa hartu zuen iztupa lodi batez kargaturik, eta zizeilu berean eseri zen, zartagin batean gurina irakiten zuela.
Horra non egundaino bezala jaisten zen lamina bat tximinian behera, eta nonbait –laminaren izpiritu gaiztoa– iruditu zitzaion bestelako irule zela, eta esan zion:
    -“Zer, atzo hi pirun pirun ari hintzen iruten, eta gaur pordoka pordoka?”.
    -“Bai, atzo liho fina nian, eta gaur iztupa”.
    -“Eta nor haiz bada hi?”.
    -“Ni, nihaur”.
    Laminak esan zion:
    -“Ekarran busti bat”.
Besteak ez zion ihardetsi. Oraino, berriz ere:
    -“Ekarran busti bat”.
 Eta kokorikatu egin zen, hurrupatu nahi balu bezala. Eta hainbesterekin, iruleak hartu zuen zartagina kirtenetik, eta bota zion gurin irakina zaflakoan laminari,     non marrumaz eta garrasiaz igo baitzen tximinian gora bere lagunengana.
Lagunek ikusirik beraren arrengurak, galdegin zioten:
    -“Zer duk, lagun? Nork egin dik?”.
    -“Nihaurrek”.
    -“A! Orduan zer nahi duk egin, hihaurrek egin badiok heure buruari? Inork ez dik hobenik, hihaurrek baizik”.
 Eta lamina ia hilzorian gelditu zen gurin irakinez gantzutua.  

MURUMENDIKO DAMEA


Murumendiko Damea edo Mari Murumendin bizi zen. Goi larre horietara ardiak bazkatzera eramaten zituen Beasaingo artzain batek ezagutu zuen Damea eta ezagutu bezain laister guztiz maiteminduta gelditu zen; hain zen emakume ederra.  Handik gutxira ezkondu eta elkarrekin bizitzen jarri ziren inguruko baserri batean. 
Artzaina elizkoia zen eta igandero joaten zen mezatara. Baina, Mari, beti gaixo zegoelako aitzakiarekin behin ere ez zen joaten. Ez zen oso elizkoia ez eta haren inguruko gaien zalea ere. Mari mezatara ez agertzea eta beraien zazpi seme-alabak ez bataiatzea bikotearen zoriontasunaren urratzaile bihurtu ziren. Artzainak, herriko jendearen marmar eta gaizki esanak maiz entzun behar izaten zituen. 
Bere azken haurra izan ondoren, senarrak jada gehiago elizara ez joatea ez ziola gehiago onartuko berretsi zion.   Honela bada, gurdiari idi parea erantsi, Mari eta zazpi seme-alabak gurdira igoarazi eta elizara abiatu zen, guztiak bataiatzeko asmoz. Baina, justu elizako sarrera zapaldu behar zuen unean, su eta garren artean denen bistatik desagertu zen, "Nire umeak zerurako eta ni orain Mururako" oihu eginez.
Ordudanik noizbehinka mendi batetik bestera igarotzen ari dela ikus daiteke. Bere bizileku nagusia Murumendi mendia delarik.

EGUZKILOREA

Elezaharrak dioenez, orain dela milaka eta milaka urte, gizonak munduan zehar zabaltzen hasi zirenean, ez zen ez eguzirik ez ilargirik. Gizonak eta emakumeak ilunpetan bizi zien denak, suzko zezenen, zaldi hegalarien edo herensuge erraldoien itxura hartuta lurraren erraietatik ateratzen ziren mamuek izuturik.Gizakiek, bada, Lurrari laguntza eskatzea deliberatu zuten, etsimen hartan.
—Amalur, Lur ama —erregutu zioten—, arren eskatzen dizugu, babes gaitzazu hondatu behar gaituzten arriskuetatik, Lurra lanpeturik zebilen erabat, eta ez zien jaramonik egin gizakiei; haiek, ordea, ez zuten atertzen, eskatu eta eskatu, eta azkenean gogoan hartu zuen eskatzen ziotena.
—Laguntzeko eskatzen didazue, seme—alaba nireak —esan zien—, eta lagunduko dizuet, Izaki argitsu bat sortuko dut, eta Ilargi deituko diozue.
Eta Lurrak Ilargia sortu zuen.
Hasieran izu—izuturik zeuden honekin gizakiak, eta beren haitzuloetan gordeta, handik irteten ausartzen ez zirela, baina berehala ohitu ziren haren argitan ibiltzen.
Gizakiak bezala, jeinuak eta sorginak ere oso izutu ziren zeruan argizko gauza hura ikusten hasi zirenean, baina haiek ere ohitu egin ziren, eta berehala hasi ziren haiek ere beren Ieizeetatik irten eta gizakiei erasotzen.Berriro joan zitzaizkion gizakiak Lurrari erreguka.
—Amalur —esan zioten—, esker guztiak ematen dizkizugu Ilargi amandrea eman diguzulako, baina zerbait indartsuagcren beharra dugu, lurpeko jeinuak erasoka ari baitzaizkigu oraindik.
—Ongi da —erantzun zien Lurrak—, Ilargiak baino ere argi gehiago duen izaki bat sortuko dut. Eguzki deituko diozue. Eguzkiak eguna egingo du, eta llargiak gaua.
Eta Lurrak Eguzkia sortu zuen.
Hain zen handia, hain argia eta hain beroa Eguzkia, non oso geldiro ohitu behar izan baitzuten gizakiek haren argitara, baina pozgarria izan zen benetan hura, zeren haren beroari eta haren argiari esker landareak eta zuhaitzak hazten hasi baitziren. Mamuek eta sorginek ezin izan zuten, ordea, egunaren argitasunera ohitu, eta harrezkero gauez baizik ez dlra ateratzen.
Berriro joan ziren gizakiak Lurrarengana.
—Amalur —esan zioten—, pozik gaude eta eskerronez ama llargia eta ama Eguzkia eman diguzulako, baina beste zerbait behar dugu oraindik, zeren, nahiz eta egunez den bitartean arazorik izan ez, gaua datorrenean, mamuak beren leizeetatik ateratzen dira eta erasoka hasten baitzaizkigu.
Lurrak abegi onez en tzun zituen honetan ere gizakien eskariak.
—Ongi da. Berriro lagunduko dizuet, baina hau izango da azkena. Lore bat sortuko dizuet, guztiz ederra, hain ederra ere, non gaueko mamuek ikusten dutenean Eguzkia bera dela usteko baitute, eta bakean utziko zaituzte.
Eta Lurrak eguzkiaren lorea sortu zuen, Eguzkilorea, gaur egunean oraindik gure etxeak mamu gaiztoetatik, sorginetatik, lamietatik, gaixotasun ekarleetatik, ekaitzetatik eta tximistatik  babesten dituena.

MARIMUNDUKO

Sarastarri inguruan lanean ari zen ikazkin talde batek koba barrenean den putzu 
horretatik ateratzen zuen behar zuen ura. Egun batez, ikazkin gazte bat ur bila joan
 zen kobara bere pitxarra hartuta, baina ikaratuta eta urik gabe itzuli zen txabolara.
 
Orduan, ikazkinetako buru zen bat joan zen hara, baina hura ere ikaratuta eta txarroa
 urik gabe zuela itzuli zen. Biek gauza bera esaten zuten: kobaren sarreran emakume
 gazte eder bat, gorputz lirainekoa, ikusi zutela, ileak orrazten; Ama Lurra bera, 
Agaramundatik etorrita Marimunduko zela, eta halako leku batean era horretako
 ikuskizun bat ezin zitekeela parte onekoa izan pentsatuz, ihes egin zutela.