Translate

Atsegin duzue blog hau?

jueves, 2 de mayo de 2013

LAMIA KOLPATUA


Larrun mendiaren oinetan bizi ziren lamina batzuek erasotzen zien auzoetako anitz etxeri. Arrats batean joan ziren tximinia baten kaskora, eta handik behera begira jarri. Bazirudien sukaldean ez zegoela emaztea beste inor, eta jaitsi egin ziren; bertan topatu zuten etxekoandrea zizeilu batean jarria, iruten ari zelarik. 
Bozkariotu egin ziren aukera beren zutelako, zeren nagusia ohean baitzegoen apur handi hartan. Zernahi ausardia eta ozarkeria egin zioten emazteari. Andre hura ere ez zenez gero oso eskuzabala, ez zien deus eman lamina eskale txar haiei. Baina hala eta guztiz ere, zartaginetan zeuden gurin hondar guztiak milikatu zizkioten, gurina biziki maite baitzuten. Handik beren zuloetara joan zirenean, emazte hark gau berean salatu zion dena bere senarrari. Zer egin ote zuen senarrak? Biharamunean arratsa etorri zenean, emaztearen soin zahar bat jantzi zuen, eta sudur-zapi ilun bat jarri buruan; kiloa hartu zuen iztupa lodi batez kargaturik, eta zizeilu berean eseri zen, zartagin batean gurina irakiten zuela.
Horra non egundaino bezala jaisten zen lamina bat tximinian behera, eta nonbait –laminaren izpiritu gaiztoa– iruditu zitzaion bestelako irule zela, eta esan zion:
    -“Zer, atzo hi pirun pirun ari hintzen iruten, eta gaur pordoka pordoka?”.
    -“Bai, atzo liho fina nian, eta gaur iztupa”.
    -“Eta nor haiz bada hi?”.
    -“Ni, nihaur”.
    Laminak esan zion:
    -“Ekarran busti bat”.
Besteak ez zion ihardetsi. Oraino, berriz ere:
    -“Ekarran busti bat”.
 Eta kokorikatu egin zen, hurrupatu nahi balu bezala. Eta hainbesterekin, iruleak hartu zuen zartagina kirtenetik, eta bota zion gurin irakina zaflakoan laminari,     non marrumaz eta garrasiaz igo baitzen tximinian gora bere lagunengana.
Lagunek ikusirik beraren arrengurak, galdegin zioten:
    -“Zer duk, lagun? Nork egin dik?”.
    -“Nihaurrek”.
    -“A! Orduan zer nahi duk egin, hihaurrek egin badiok heure buruari? Inork ez dik hobenik, hihaurrek baizik”.
 Eta lamina ia hilzorian gelditu zen gurin irakinez gantzutua.  

No hay comentarios:

Publicar un comentario